2009/06/08

ALUMINIOA

Aluminioa da birziklapen errentagarriena duen materiala; hori dela eta, industria- eta eraikuntza-sektoreetan aluminioa kasik bere osotasunean birziklatzen da. Alabaina, etxeko erabileretarako erabili ohi den aluminioaren birziklapena, ontzikiena edo aluminiozko paperarena, askoz ere murritzagoa da eta hori, neurri batean, hiritarrak horren garrantziaz jabetu ez direlako da.
Aluminioa munduan gehien erabiltzen den metala da burdinaren eta altzairuaren atzetik. Gure eguneroko bizitzan konta ezin ahala ontzikitan dugu, baita, aluminiozko paperean bertan ere; baina horretaz gain, itsasontzien, hegazkinen eta eraikinen egituretako atal ere bada. Lurrazaleko hirugarren elementu arruntena izan arren, bere egoera naturalean beste zenbait materialekin nahastuta egotean, horren ekoizpenak energia-kontsumo handia eskatzen du.
Alabaina, aluminioa birziklatzeko, haren hasierako ekoizpenerako erabiltzen den energiaren %6a baino ez da behar eta behin eta berriz erabil daiteke kalitatean inolako lermarik jasan gabe. Kontuan izan behar da zabortegira botatako aluminio tona bakoitzeko lau tona bauxita (aluminioa mineral horretatik ateratzen da) erauzi behar direla. Horregatik, hain zuzen, industrian eta eraikuntzan erabiltzen den aluminioaren kasik %100a birziklatzen da.
Ontzikiak birziklatzea
Baina janarien aluminiozko ontzikien birziklapen-kopurua askoz ere txikiagoa da. Izan ere, kasu horretan, aluminioa askoz ere atomizatuago egoten da eraikinetan eta ibilgailuetan erabiltzen diren masa handiekin alderatuz; beraz, biltzea eta bestelako hondakinetatik eraginkorki bereiztea askoz ere konplexuagoa izango da.
Kontsumitzaileek beren etxeetan egiten duten birziklatzeko ontzikien hasierako bereizketaren zenbatekoa hoberena izatetik oso urrun dago (horietako asko eta asko zabor organikoen edukiontzietara botatzen dira eta edukiontzi horietara botatako hondakinen %30a gaizki hautatuta egon ohi da) eta birziklapen-instalazioetan ondoren ematen zaion tratamenduak zailtasun teknikoak eragiten ditu; ondorioz, pasa den urtean, Espainian aluminiozko ontzikien %27a baino ez zen birziklatu, alegia, 14.000 tona baino zerbait gehiago.
Ontzikien birziklapen-prozesuak gaikako bilketa eta, ondoren, sailkatzeko instalazio batera eramatea eskatzen du. Han, beste materialetatik bereiztuko da Foucault-en bereizgailua gisa ezagutzen denarekin; alegia, eremu magnetiko kontrajarriak erabiltzen dira material hori besteengandik bereizteko. Ondoren, birrindu, garbitu eta urtuko den labe batean sartzen da; eta, hortik, berrerabilia izateko prest aterako da.
Baina sistema hori alferrikakoa da lehenengo eta oinarrizko urratsa hiritarrek eman ezean, hau da, lata hutsak eta beste ontziki batzuk edukiontzietara botatzea edota erabilgarri dauden bilketa-guneetara eramatea. Horren adibideetako bat “Catalunya Platja Neta” litzateke, Kataluniako hondartzetan udaero gauzatzen dena edukiontzi trinkotzaileen bitartez –2.000 unitaterentzako edukiera dutenak– edari-latak (horietako gehienak aluminiozkoak izaten dira) berreskuratzeko. Sistema horren bidez, urtean, gutxi gorabehera, milioi bat lata berreskuratzen dira eta 30 udal baino gehiagoren lankidetza du, horien artean, Bartzelona, Tarragona, Banyoles, Sitges edo Castelldefels hirietakoak

No hay comentarios: